RIDICULUM VITAE

Memoria dudanetik,  antzerkia  egitera jolasten irudikatzen dut neure burua. Tragedia existentziala. Ondo moldatzen nintzen publikoari negar eragiten. 19 urte betetzerako, espezialista nintzen melodramak egiten; bai eskenatokian eta baita handik kanpo ere. Klown ikastaro bat egin nuen orduan. Bizi osoa atsedenik hartu gabe biharra antolatzen zeraman  kontrolatzaile mirenperfektua, krisialdi batean murgildu zen.  Erraietan  sufritu nuen sudurra jantzita izan nuen lehenengo esperientzia hura; esan nahi baitut nire egoak sufritu zuela. Umorea gizonen kontua zela konbentzituta,  barrea izan zen esperientzia errepikatzera bultzatu ninduena. Eta halaxe, trantze moduko batean sartu nintzen inprobisatzen ari nintzen egun batean.
Gerora  jakin nuen, ia hamar urte beranduago, feminismoari  esker neure burua hobeto ezagutu nuenean.  Eskenatokia eremu publikoa zen, hau da, historikoki maskulinoa. Ni, emakume jaio nintzen baina ez ninduen  halako xehetasun hutsal batek  adoregabetu. “Sudur trabestismoan” urteetan aritu eta gero topatu nuen ezohiko eskola bat: Bataclown. Norbere buruaz barre egiten ikastea proposatzen zuen eskola honek. Baina, nor nintzen ni? Emakume gizena, Euskal Herrian jaiotakoa, irakasle lanetan aritzen zena eta tragedia biziki maite zuena nintzela erantzun nion neure buruari.
Eta guzti honetaz barre egiten hasi nintzen. Bereziki askatzailea suertatu zitzaidan emakume izatearen kontzientzia izanik hartaz barre egitea. Erabateko probokazioa zen gainera ikuspegi sozial batetik begiratuta. Feminista bilakatu nintzen bat-batean.  Askatasun betea ahalbidetzen zidan pailazoak. Eme jaio nintzen eta emakume izateko hezi ninduten. Sudurrari esker ikasi nuen heziketak huts egin zuen alderdi haiek guztiekin sufritu ordez, barre egiten.
Ederra eta desirazko objektu hauskorra izatera (pre)destinatua banengoen ere, emakume estetikoki dibergentea nintzen (eta naiz) ni, neure desio propioak (desegokiak maiz) zituena. Etxeko betebehar amaiezinen ondorioz haurtzarotik goizegi  erbesteratua, jolasa lanbide bihurtu dut eta plazera eta barrea nire kredo.  Perfektua izateko entrenatua, nire baldarkerien kantitatea, kalitatea eta asmoa perfekzionatzen joan nintzen. Eskola garaiko jolas orduetan mutilek ia erabat okupatzen zuten jolastokiaren ertzetan gatibu egotetik, munduan zehar ibiltzera eraman ninduen sudurrak.
Gaur gaurkoz, oraindik ere, batzuetan, alaba ona, ama ona, emazte ona, irakasle ona, hiritar ona … izateko tentaldiak izaten ditut. Erru guztiak neure gain hartzen edo zoriontsu izan beharrean arrazoia nik daukadala frogatzen tematuta atzematen dut nire burua. Halakoetan, sudurra jantzi eta dena ahazten zait.