BEGIRADA BASATIA PAILAZO BATEN GOGOETAK BERRIKUNTZAZ

1.-Umorea eta inteligentzia emozionala:

 Euskal hiztegietan eman zaion definiziorik zaharrenetariko baten arabera “berria den zerbait ezartzean eginiko edo gertaturiko aldaketa” da berrikuntza.  Berrikuntza, berriari lotuta dagoen hori, asmakizun zaharra da beraz. Azken batean, zaila da pertsonontzat urrats bakoitzean, bihotz taupada bakoitzean edo arnasaldi bakoitzean berrikuntzarik ez egitea.  Erabat gizatiarra da gure ohituretan, portaeretan, ekoizpenetan zein loturetan berrikuntzak egitea. Etengabe berritzen da dena; geuk hala nahi ez badugu ere, berrikuntzak egiten ditugu.

Berrikuntza hitzaren esanahia azken urteotan izugarri mugatu dutenaren susmoa dut  ordea. Badirudi, kontsumorako produktu edo objektu berri batek arrakasta komertziala lortzearekin bakarrik lotzen dela hitza.  Beste inflazio arriskutsu bat ere nozitzen du gainera: berrikuntza, kontutan hartuko bada bederen, teknologikoa da; gainerakoa ez da berrikuntza.

Zorionez, uste honek ere baditu bere disidenteak. Geroz eta enpresa eta erakunde gehiago arduratzen dira “alfabetizazio” emozionala jasotzeaz. I+Gak inteligentzia emozionalarekin eta harremanekin ere baduela lotura ohartu dira. Ondorioz,  dagoen  “teknologiarik gorenena” pertsona dela birkonturatu dira.  Izan ere, pertsona gai da era guztietako prozesuak bai hobetzeko, baita pikutara bidaltzeko ere.

Ni, pailazo profesionala naiz 1988az geroztik. Bai, badakit irakasle izatea bezain ikaragarria dirudiela. 11 urtez aritu nintzen irakaskuntzan. Behin batean, sudurrak noraino eraman ote nindezakeen ikusi   nahian,  eszedentzia eskatu nuen lanean. Halaxe jarraitzen dut oraindik ere.  Nire komikotasunaren bilaketan niharduela ohartu nintzen ezinbestekoa zitzaidala emozionalki berreztea;  izan ere, hunkitzen gaituenak soilik eragiten digu benetan barre egitea. Beldurra, amorrua, tristura eta poza dira gure oinarrizko emozio biologikoak; berauek adierazteko programatuta daude gure gorputzak. Emozio hauek, unibertsalak dira eta gizaki guztioi eragiten digute. Hauen atzetik datoz emozio kulturalak edo   kontatu dizkiguten gezurrak. Gure gorputzak adierazi ezin dituen emozioak dira berauek, benetan sentitzen duguna estaltzeko soilik balio baitute.  Alfabetizazio emozionalaren bitartez ikasi dut benetan sentitzen dudana identifikatu eta adierazten. Umorearen babesean, neure buruarekiko distantzia har dezaket: nire auto-inportantziekiko,  nire nortasun zornatuekiko edo zurrun, fanatiko eta  intolerante bihurtzen nauenarekiko. Eta gozamena da.  Bidaia egiten dihardugularik aurrean daukagun publikoak barre egiten badu, esperientzia erlijiosoa da kasi. Trantzea. Beti ustekabean harrapatzen nauen egoera bat da. Zergatik egiten dugu barre? Zertaz? Nire esperientziaren arabera, barrez lehertzea eragin dezakeen zerbait baldin badago, egia emozionalaren adierazpena da hori. Klown kodean sekreturik egotekotan, hauxe da ziurrenik: adierazi benetan sentitzen duzuna, hartu distantzia eta handiagotu ezazu. Egizu barre gertatzen zaizula uste duzunaz, zarena zarela uste duzunaz, erotu zaitez zure tikekin eta zure obsesioekin, eta zurekin batera egingo du barre publikoak.

Trikimailua ezagutzeak ez du esan nahi egitea erraza denik, hala ere.  Ezohiko kemena duen jendea izaten da pailazo. Mendeetan zehar edozein egoeraren aurrean “gizalegea” mantentzeko heziak izan garen kulturan, ausardia handia behar da benetan sentitzen duguna adierazteko.  Niretzako, inteligentzia emozionalean aditua den norbait da augustoa (pailazo  inozoaren arketipoa).

2.- Ergelkeriaren sormena

Galarazita dagoena haustearekin hertsiki lotuta dago umorea. Pailazo “inozo”, “ergel”, “xinple” edo  “ero” batek adierazi ezin dena adierazten duenean, aurrezarritako mugetatik haratago joaten da jolasa, eta  gizartearen paladin bilakatzen da klowna,  arauak hausteko  gosez dagoen publikoaren aurrean.

 Ergelkeria, jeniala da.  Bestela esanda, ergelkeriak eta jenialtasunak jatorri bera dute. Adierazpen artistiko edo asmakizun gehienak, ergelkeria bat, erokeria bat edo bi gauzak batera izaten dira garapen faseren batean. Umoreak eta poesiak, asmakizun baten diseinuak eta garapenak bezala,  beharrezkoa dute  pentsaera dibergente, kaotiko edo metaforikoaren erabilera. Ezusteko loturen,  harridurazko begiradaren edo susmopeko irakurketen beharra dute:  ados, gauzak diren bezalakoak dira, baina diren bezalakoak ez balira… nolakoak lirateke? Nolakoak izan daitezke?

Ergelkeria da beraz, gure sormen potentzialaren adierazpenik benetakoena.  Gauzak egin behar diren bezala egiten ditugunean, elkarren antz handia izaten dute gure sorkuntzek. “Perfekzioak” uniformizatu egiten du, berdindu. Hanka sartzen dugunean berriz, gure hutsegiteak nahastezinak izaten dira , oso pertsonalak; hau da, munduarentzat “berriak”.  Ergelkerian trebatzeko pailazoek egiten duten ahaleginak, gizarte garaikidearentzat goranzko balio bat dena berreskuratzen du: aniztasuna.  Eta beste behin ere,  hutsegiteak izan dezakeen irismen poetiko eta sortzailea aldarrikatzen ditu. Berrikuntza teknologikoak ere, ikerketa jakin batean espero zen emaitzarik eman ez zuten entseguen ondorioz sortutako asmakizunez beteta daude.  Hutsegitea onartu eta aurrera egiteko motor moduan baliatzean oinarritzen da porrotaren dinamika klown jolasean. Sudurrarekin, gauzak ondo doazenean ondo dago, baina gaizki doazenean askoz hobeto dago. Zentzu filosofiko batean, eskenatokian eta bizitzan, porrota ez da existitzen. Saiakera guztiak dira probak, aurrera egiten laguntzen diguten urratsak. Bidean aurrera egitea da arrakasta.  Bizitzan, aurrera egitea da arrakastarik handiena, arrakasta iraunkorra.

Nire hainbat baldarkeriarekin berradiskidetzen lagundu zidan klown kodeak. 19 urte nituela , nire lehenengo klown ikastaroa egin nuenean,  bizi osoa atsedenik hartu gabe biharra antolatzen zeraman  kontrolatzaile mirenperfektua, krisialdi batean murgildu zen.  Erraietan  sufritu nuen sudurra jantzita izan nuen lehenengo esperientzia hura; esan nahi baitut nire egoak sufritu zuela. Mingarria da izan ere desikastea, erabateko arriskuan jartzen du bat. Hanka sartu dezakegula eta zaurgarriak garela onartzea da.  Bizitzan gertatzen zaizkigun edo gerta dakizkigukeen gauza garrantzitsu guztiak edo ia guztiak gure kontrolpetik at daudela erakusten digun ebidentziaren aurrean amore ematea da. Ezer ez da erabat ziurra, ez aurrez ikusteko modukoa, ez eta erabateko bermea duena ere. Hau umorez onartzeak irakatsi dit eta irakasten dit  aurrera egiten. Klown jolasean inprobisatzeak malgua izaten irakatsi dit. Malgutasun hau enpresa eta erakundeen mundurako garrantzitsua izan daitekeela iruditzen zait, egokitzeko gaitasuna geroz eta ezinbestekoagoa baita biziraupenerako.

3.-Harridura bizimodu

Klown izatea, bizi jarrera da nagusiki. Begirada deskolonizatzea da. Industria iraultza eta gero, txunditzeko gaitasuna galdu zuen mendebaldeak. Pertsona heldu bihurtzea, bat batean, harridurari uko egitea bilakatu zen; kaikutzat juzkatuko zintuzten bestela. Gure osasun emozionala eta erlazionatzeko modua galera honetatik osatu ez direlakoan nago.

Harritzera jolasten badugu, zera esaten du garunak: harrituta nagoela iruditzen zait. Baina, zerekin? Eta orduan, arreta jartzen du. Eta orduan, lehenago oharkabean pasa zaion zerbait (ia dena, ia beti, pilotu automatikoa piztuta bizi garelako maiz) ikusi egiten du, usaindu, entzun, sentitu, dastatu … Egiatan nahiz txantxetan txunditzen garenean, gure arnasa aldatu egiten da. Harridurak, indarra arnasa hartzeko momentuan egitea eragiten digu. Airea hartzean. Arnasa hartzean orainaldiarekin konektatzen gara, testuinguruarekin, geure barruarekin eta geure inguruarekin. Mundutik eta gure aurretik joan zirenengandik hartzen dugu, bizitzaren katean geure ekarpen propioa egin ahal izateko behar duguna.

Klownaren begirada, aurrez aurre, begi handiekin, bekainak jasota, harridura existentzial baten adierazpen teknikoa da. Inozentzia handiko begirada da. Zalantza da bere egoera naturala. Dena zalantzan jartzen duen (baita bere burua ere) baten begirada da.

4.-Begirada basatia: begi bistakoa dena nabarmentzea.

Inozentziatik hurbiltzen gara pailazook mundura, objektuetara eta beste pertsonengana. Lehenengo aldia balitza bezala beti, begirada berri batekin, jakin minez, interesez eta gartsu. Jende arraroaren begirada da, harrituena, baztertuena, atzerritarrena, estratosferikoena… Begirada irekia da, zaurgarria. Epaitzen ez duen begirada da, kontrolatzen saiatzen ez dena. Aurreiritzirik gabeko begirada da.

Azken finean, sormen prozesu guztietan bilatzen den begirada da: begirada basatia,  hezi gabea, beste leku batetik begiratzen duena, beste modu batean begiratzen duena eta batez ere tokatzen ez den tokian begiratzen duena. Tribuko gainontzeko kideek ikusi ezin dutena, ikusi nahi ez dutena edo ikusten ez dakitena ikusten duena. Sistemak ikusezin bihurtu dituenak ikusten ditu, kanpoan geratu direnak.  Le Bataclown antzerki taldeko nire maisuen arabera, baztertzeko zorian edo baztertuta daudenen ahotsa ekartzen dute pailazoek. Estetikoki dibergenteak diren gorputzak, nagusi ez diren kulturak, etnia “ezpuruak”, “desorientatutako” orientazio sexualak, gutxiengo identitate erlijioso zein sozialak, “zibilizatuegiak” ez direnen ohitura basatiak, urritasunak, disidentziak, ikusezinak, mesprezatutako jendea eskenaratzen dute pailazoek. Klown jolasean, guztientzako dago tokia, mundu osoa kabitzen baita pailazoen begiradan.  Zentzu honetan, jende ameslaria dira klownak eta beste zenbait esparru artistiko, mistiko edo zientifikotako ameslariekin partekatzen dute begiratzeko modu hau.

Sinetsita nago, nire pailazoak irakatsi didala ikusten . Dena begiratzen nuen lehen, baina ez nuen ezer ikusten. Nire miopia emozionala pixkanaka zuzentzen ari zait sudurra ; batzuetan begi bistakoa bihurtzen zait nabarmena dena.

Umorea erreferentziala dela sinetsita egingo ditut datozen gogoetak . Erreferente bat distortsionatu edo puzteak, barrea eragiten digu.  Erreferente hau ezagunagoa edo ezezagunagoa izan daiteke. Zenbat eta hurbilagokoa izan, orduan eta grazia handiagoa egingo digu. Kultura bakoitzak bere erreferente propioak ditu. Kultura bakoitzeko talde bakoitzak ere bai, etab.  Horrela, jende helduak eta gaztediak ez du gauza beraz barre egiten. Kaukasiarrek kontatzen dituzten (ditugun) “beltzei buruzko txisteek” arraza beltzeko jendeari ez dietela graziarik egingo suposatzen dut. Eta noski, mundu erreferentzial desberdinetan bizi garenez, gizon eta emakumeok ere ez dugu beti gauza beraz barre egiten.

5.- Emakume begiekin mundura begira

Geroz eta gehiago sustatzen dira tradizionalki balio “femeninoak” izan direnak gaur egungo lidergo eta coaching ikastaroetan.  Zainketaren etika, enpatia, entzute aktiboa, etab … enpresa jarduera bikainak bilakatu dira marketina eta pertsonei zuzenduriko komunikazioa hobetzeko orduan. Hara non, bezeroak ere jendea direla ohartu berri  gara! Guretzat eta gurekin lan egiten dutenak ere jendea dira! Bada, bat batean bera ere jendea dela ohartu denik! Egia da: beti daude arrazoiak optimista izateko.

Eremu artistikoa, gizonezkoen esparrua izan da historikoki. Euren jardute eremuetan zerbait originala txertatzeko gai izan badira, euren mundu ikuskeran bazterreko edo baztertutako elementuak sartu dituztelako izan da.  “Femeninoa” tradizionalki emanaldi publikoetatik eta imaginario kolektibo partekatutik kanpo egon izan denez,  norabide honetan egin den edozein agerraldi “berritzailea” izan da.  Ezagutzen ditudan pailazo gehienak, “arraro” xamarrak dira gizonezkoak izateko. Begi bistakoa da, eurak hezteko orduan hutsegite bat baino gehiago egin dituela sistemak. Gure kulturaren ezaugarri diren aurreiritzien ondorioz, behin baino gehiagotan jarri izan da zalantzan euren gizontasuna, adierazten duten sentiberatasuna tarteko. Izan ere, pailazo batek bere beldurrak edo xamurtasuna publikoki adieraztea, lehen mailako transgresiotzat hartzen da oraindik orain.

Emakumeoi dagokigunez, beste zenbait gaietan bezalatsu, umorean ere gehiagotan izan gara objektu  subjektu baino. Hau da, hainbat giza talderentzat barregai izan gara (eta gara), baztertutako beste zenbait kolektiborekin batera. Umore mezuen hartzaile ere izan gara. Zertaz, non eta noiz barre egin ikasi dugu, hori bai modu diskretuan beti, ahoa eskuarekin tapatuta, itxura uneoro mantendu beharra baitaukagu. Emakume umoregileak, fenomeno ezohikoagoa izan dira edo historia dokumentatuak ez ditu aintzat hartu izan.  Baina juxtu horrexegatik, aukera gehiago ditugu munduari zerbait “originala” , berria eta benetakoa eskaintzeko.  Sormen oldarraldi indartsuenak geroz eta gehiago datoz ertzetatik, bazterkeriatik, urrunetik, periferiatik.

Bestalde, emakumeak ere kontsumitzaile potentzialak izan daitezkeela ohartu da merkatua. Jasotako sexu- genero estereotipoetatik haratago,  geroz eta arreta handiagoa jartzen zaie emakumeen eskari eta beharrei.

Emakumeontzat, transgresio hirukoitza da eskenatoki baten gainean umorea egitea: Espazio publiko bat (ez edozein espazio publiko, beste espazio guztien gainetik dagoen eskenatokia baizik),  eta umorearen espazio sinbolikoa eta poetikoa okupatzea.  Bizi garen garaia, egokia da konkista pertsonal eta sozialak egiteko, baita norberaren komikotasunarena ere.  Komikotasunaren konkista, beste konkista batzuk baino sotilagoa izan daiteke beharbada, baina besteek adinako iraultza suposatzen du emakumeontzako.

Nire komikotasunaren bila ari nintzela, nire buruaz barre egin ahal izateko, ordura arte garrantzia handiegirik eman ez nion egitate bat onartzea beste erremediorik ez nuen izan. Emakumea nintzen. Bereziki askatzailea suertatu zitzaidan emakume izatearen kontzientzia izanik hartaz barre egin ahal izatea. Erabateko probokazioa zen gainera ikuspegi sozial batetik begiratuta. Zerbait “berritzailea” egiten ari nintzen. Eta zerbait okerragoa oraindik: Feminista bilakatu nintzen bat-batean.  Askatasun betea ahalbidetzen zidan pailazoak. Eme jaio nintzen eta emakume izateko hezi ninduten. Sudurrari esker ikasi nuen heziketak huts egin zuen alderdi haiek guztiekin sufritu ordez, barre egiten.

Ederra eta desirazko objektu hauskorra izatera (pre)destinatua banengoen ere, emakume estetikoki dibergentea nintzen (eta naiz) ni, neure desio propioak (desegokiak maiz) zituena. Etxeko betebehar amaiezinen ondorioz haurtzarotik goizegi  erbesteratua, jolasa lanbide bihurtu dut eta plazera eta barrea nire kredo.  Perfektua izateko entrenatua, nire baldarkerien kantitatea, kalitatea eta asmoa perfekzionatzen joan nintzen. Eskola garaiko jolas orduetan mutilek ia erabat okupatzen zuten jolastokiaren ertzetan gatibu egotetik, munduan zehar ibiltzera eraman ninduen sudurrak.

 

Gaur gaurkoz, oraindik ere, batzuetan, alaba ona, ama ona, emazte ona, irakasle ona, hiritar ona … izateko tentaldiak izaten ditut. Erru guztiak neure gain hartzen edo zoriontsu izan beharrean arrazoia nik daukadala frogatzen tematuta atzematen dut nire burua. Halakoetan, sudurra jantzi eta dena ahazten zait. Oinaze zaharrei erantzun berri bat ematen diedan aldiro,  berrikuntzak egiten ari naizela suposatzen dut.

 

 

KLOWNKLUSIOEN GAINEKO INFORMAZIOA

Klownklusioak, Oihulari Klown antzerki  taldearen marka erregistratua da eta  klown jolasaren inprobisazioa eta analisi instituzionala uztartzen dituen jarduera eszenikoa da.  Jarduera honen asmatze patentea Frantziako Le Bataclown antzerki taldearena da, eurek asmatu baitzuten 1983.urtean.  Clownanalyse deitzen diote beraiek, eta Bataclown taldeko kideek Alberto-Bernard Manginekin batera 1985ean eratu zuten Clownanalyse elkarte frantsesaren baitan garatu da nagusiki. Jose Carmelo Muñozekin batera Oihulari Klown taldearen sortzaile  izan zen Virginia Imaz izan zen ekimena Espainiara inportatu zuena.

Sarritan astunak bezain istilutsuak gerta daitezkeen solasaldiak, kongresuak, mintegiak, enpresa- bilerak, erakunde-bilerak… dinamizatzen dituzten pertsonaiak dira klownklusiogileak. Eztabaidaturiko gaiak zalantzan jartzen dituzte,  hutsak nabarmendu,  estalitako aurreiritziak  eta emozioak agertarazten dituzte, sakoneneko loturak argitaratu, aipatu ezin daitekeena izendatzen dute eta txikikeria dirudien hori garrantzitsua izan daitekeelakoan,  gauzarik hutsalenarekin zoratzen dira. Hau guztia, klown jolasak bere bereak dituen umorea, inozentzia, zentzugabekeria eta poesiaren bitartez egiten dute.

Euren lana egin ahal izateko,  nahikoa dute bertaratutako pertsonekin partekatutako aurretiazko erreferente bat edukitzea.  Entzuleriaren memoria beroa deritzogunarekin lan egiten dute eta horregatik gomendatzen da agerraldiak  erreferentziazko hitzaldiak bukatu bezain laster eta burutu diren toki berean izatea.

Zenbait jardunaldi eleanitzak izaten dira eta klownklusiogileek ere hizkuntza bat baina gehiagotan inprobisatzen dute. Batzuetan, aldi bereko itzulpena ere egiten da.

Teknikoki, “klown berrien” korrontearen baitan kokatzen da Oihulari Klownen lana; hots, “Klowna eta bizitza” da bilaketaren ardatza eta ez “Klowna eta zirkoa”.  Auguste pertsonaia tradizionaletik abiatuta, pertsona bakoitzaren baitako klownaren garapen subjektiboa, pertsonala eta garaikidea da  bilaketaren helburua.  Ikusle helduentzat inprobisatzen duten klown “helduak” dira Oihularikoak.

Klown- jolasaren oinarria bat-batekotasuna denez, inprobisazioa lantzea da taldearen helburu nagusia, Bataclown taldeko kideek bezalaxe  ongi baitakite,  inprobisazioa ez dela inprobisatzen.

Dibertsiorako bide bezala ulertzen dute klown  jolasa, barre egiteko gonbidapen moduan.  Bada zerbait magikoa, sakratua, bereziki serioa komikotasunaren lanketan. Izan ere, eguneroko hainbat dramatatik askatu eta sendatzeko oinarrizko era da umorea. Umoreak, gauza bakoitza bere lekuan jartzen du.  Horrexegatik egiten dute klownklusiogileek, komikotasunaren aldeko apustua, ongi baitakite horixe dela koderik egokiena gai larri eta serioez aritzeko. Dibertsiorako aukera eskaintzen dute, baina baita hausnarketarakoa  ere.  “Desdramatizazioa eta umorea” da euren lema.

Klownklusioen funtzio nagusiak ondorengoak dira:

1)Ludikoa: Egoera arindu eta leuntzea. Dibertitzea. Bateratzea.

2)Didaktikoa:  Klownak aztertutako edukien gainean aritzen direnez, laburpena landutakoa gogoratzeko tresna pedagogikoa izan daiteke.

3)Errebelatzailea: Jolasak jakintza handia ezkutatzen du batzuetan. Lasaitzea eragiten du.  Paradoxikoa, antagonikoa edo aurkako moduan bizitakoa bateratu ditzake.  Umorea pentsaera sortzailearen edo  dibergentearen ondorio den neurrian, gerta daiteke “pailazokeria” batek, gai baten inguruko adituren bati  bere ikerketa beste nolabait garatzeko pista ematea.

Liburu edo/eta aldizkarien aurkezpenetan ere parte hartzen dute klownklusiogileek.  Baita pintura, eskultura eta arropa erakusketetan ere.  Enpresa bileretan eta irakasleen klaustroetan. Prebentzio eta jendarteratze kanpainetan. Sari banaketetan. Mahai inguru, jardunaldi, sinposium, kongresu, elkarretaratze, etab … Eta geroz eta handiagoa da eskaera.

Oihulari Klowneko kide edo kolaboratzaile diren zazpi lagunek dute gaur egun klownklusioak egiteko baimena. Jarduera honek aurrera darrai  duela 25 urtez geroztik , eta gure lurraldean zehar hedatzen ari da.  Antzeko jarduerek beste izen batzuk jaso ditzaketela ulertzen dugu, baina Oihulari Klownek bere lanaren kalitatea zaintzen duenez, “Klownklusioak” marka erregistratu eta babestu du. “Klownklusiogileak” soilik dira, Oihulari klownek formatuak eta aholkatuak. Beraz, Oihulari Klown taldeak egiten dituenak bakarrik dira “Klownklusioak”.

Gizartearen ispiluarena egitean datza kontua.  Ikusten duena gehiegizko koiperik eta maltzurkeriarik gabe islatzen duen ispilua. “”Bufoia” edo “Erregearen eroa” izatean zetzan lanbide zaharra gure garairaino iritsi da nolabait.

KLOWNKLUSIOAK EGITEKO ALDERDI PRAKTIKOAK

Lagun bat edo bi joaten dira jardunaldi bakoitzera. Gaur egun, Virginia Imaz da bakarrik aritzen den bakarra.  Entzute aktiboan oinarritzen da lana eta jardunaldiak irauten duena irauten du gure lanaldiak, ez klown inprobisazioaren unea bakarrik.  Aurrekontua ez da egiten den esku  hartze kopuruaren araberakoa, entzuten eta jolasa prestatzen pasatako denboraren araberakoa baizik.

Egun bat baino gehiagoko jardunaldiak direnean, egunean esku hartze bat gutxienez egitea gomendatzen dugu. Izan ere, esperientziak erakutsi digu klownklusioek balio handiagoa hartzen dutela aipaturiko erreferenteak jendearen memorian fresko daudenean.

Esku hartzeek bi minutu eta ordu-erdi bitartean iraun dezakete. 20 eta 30 minutuko saioak egitea da ohikoena, aurreko jarduerak iraun duenarenaren arabera, baina eskariaren arabera laburtu edo luzatu daiteke saioa.

Aurrekontua adostuz gero, ondorengoa baldintzak betetzea eskatzen da:

-Gutxienez ordubeteko iraupena izango duen publikoarekin partekatutako jarduera bat  (mahai ingurua, hitzaldia, sari banaketa…)

-Programa ezagutzea eta esku hartzeak hitzartzea.

-Jende helduarentzat dira klownklusioak (15 urtetik aurrera) eta kontrakorik esaten ez bada, eskaria gazteleraz egitekoa dela ulertzen dugu. Espazio eleanitzetan, hizkuntzen arteko bizikidetza ere jolaserako arrazoi da. Saioa euskaraz egitea nahi  bada, aurrez zehaztu beharra dago.

– Eskuak libre utziko dituen, paparrean edo ilean  jartzeko mikrofono harigabe bat  (ala bi, Virginiaren partez bere taldeko bi badoaz) , 150 lagunetik gora espero badira edo espazioak megafonia erabiltzea eskatzen badu.

-Esku-hartzea egingo den lekutik ahalik eta hurbilen dagoen aldagela bat. Ahal dela ez daitezela izan erabilera publikoa duten komunak.

-Antolakuntzako solaskideren bat, esku hartzeak negoziatu eta pasatzeko seinalea eman dezan.

-Hizlari guztiek jakin dezatela euren hitzaldiak eta gero klownak aterako direla.

-Jardunaldiaren espazio eta denboran egotea. Klownklusioak ez dira pasabidean edo jangelan egiten, ez eta irekieraren aurretik eta itxieraren ondoren ere.

-Gainontzeko hizlariei ematen zaien tratu bera: egiaztagiria (akreditazioa),  materiala, parte hartu izanaren ziurtagiria (banatzen baldin bada)…

-Batzuetan ez gaituzte aurkezten, baina gure parte hartzea programan jartzea nahi bada, honela agertzea gustatzen zaigu: Klownklusioak Oihulari Klown antzerki taldearen eskutik.

-Mesedegarria zaigu jardunaldien programa edo aurre-programa eta hitzaldiei, tailerrei … buruzko informazioa aldez aurretik jasotzea, hala egitea posible den kasuetan. Jardunaldia baino lehen jasotzen dugun informazio guztiak, gaian hobeto murgiltzen laguntzen digu, nahiz eta gure lana inprobisazioan oinarritzen den eta ez dugun ezer aurrez “prestatuta” eramaten.

– Fakturazioa eta kontratua bideratzeko, ordainduko digunaren datuak jakitea komeni zaigu: izena, helbidea eta IFK.